XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kapitainak zozo airea sumatu zion ikusi orduko eta etxean zuen zaldia zaintzeko berekin eraman zuen Juan Soldau.

Bere lana ongi egiten zion mutilak eta lehenbiziko begiratuan uste bezain tontosko ez zela antza eman zion nagusiak.

Ongi konpontzen ziren biak.

- Ez haizela larrugorrian bide aurrera ateratzen! esan zion egun batez nagusiak.

- Hogei duro apostu zuri, emazteak joko zaituela gaur.

- Ja, ja, ja! irri egin zuen nagusiak.

- Ni emazteak jo? Ez gaur eta ez inoiz.

- Ez duk hire nagusia ongi ezagutzen.

- Eta apostu hori zertan gelditzen da? galdetu zion morroiak.

- Niri dagokidanez egina zegok.

Gau hartan oso berandu iritsi zen kapitaina etxera eta emaztea asperturik egon zitzaion zai.

Ez zion deus esan baina, senarra konturatu zen haserre zegoela.

Oherakoan ez dakit zer egin zion andreari, une hartan kentzen ari zen oinetakoarekin jo zuen honek gizona.

- To! Galdu diat apostua, etorri zitzaion bat batean burura.

Biharamunean barrez barrez joan zitzaion morroiari eta hogei duro sakelatik atera ondoren: - Hots! Apostua irabazi duk. Bakoitzari berea.

Juan Soldau oso pozik gelditu zen. Diru asko zen beretzat.

Uste baino argiago ez ote zen bere mutila, etortzen zitzaion burura behin eta berriz nagusiari. Eta nola jakin?.

Itzuli asko eman ondoan, jolasgura hurbildu zitzaion halako batez nagusi hori.